Pasar al contenido principal
Imagen

150 pertsona baino gehiago bildu dira Emakumeen, Zientziaren eta Teknologiaren lehen Asteko jardueretan

Emakumeen, Zientziaren eta Teknologiaren lehen Asteko jarduerak urriaren 7an hasi eta ostiral honetan amaitu dira, gradu-amaierako eta Emakumea, Zientzia eta Teknologia Katedrako masterreko lanen lehen lehiaketako eta ‘Nik zientzialaria izan nahi dut’ eskola-lehiaketako sarien banaketarekin. Lehen Astean programatutako jardueretan 150 lagunetik gora bildu dira.

Sariak Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) liburutegian banatu dira, eta bertan parte hartu dute Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko kontseilari Javier Remirezek; Emakumea, Zientzia eta Teknologia Katedraren zuzendari Gurutze Perezek eta NUPeko errektorea den Ramon Gonzalok.

Emakumea, Zientzia eta Teknologia Katedraren zuzendariak, Gurutze Perezek, egindako hitzaldian, jardunaldi hauetan zientzietako eta teknologiako 20 emakume profesionalek baino gehiagok parte hartu izana azpimarratu du. Hain zuzen ere, mahai-inguruetan, haien esperientzien eta lorpenen berri eman dute, besteak beste, ikerketa, ingeniaritza biomedikoa edo energia berriztagarriak bezalako arloetan.

Bestalde, Remirez kontseilariak, katedra honen bidez Nafarroako Gobernuaren eta NUPen artean izandako «lankidetza garrantzitsua eta beharrezkoa» nabarmendu du, emakumeek zientziaren eta teknologiaren eremuetan gehiago parte har dezaten laguntzeko eta emakumeak STEM titulazioetan sartzea sustatzeko (STEM, ingelesezko sigla: zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak).

NUPeko errektoreak, Ramon Gonzalok, lehiaketan parte hartu duten guztiak zoriondu ditu, bereziki irabazleak, Emakumea, Zientzia eta Teknologia Katedra osatzen duten pertsonek garatzen duten lan itzela nabarmentzearekin batera. Halaber, Nafarroako Gobernuari eskerrak eman dizkio ekimen honetarako egindako diru-ekarpenarengatik, “emakumeen artean bokazio zientifikoak sustatzera bideratutako jarduera mordoa abian jartzeko aukera eman baitu».

Musika-emanaldiak amaierako ekitaldian

Ekitaldian izan da Nafarroako Amaia Romero abeslaria, eta ‘Elkarrizketa zientifikoak. Emakumeak datorren munduan’ hitzaldian parte hartu honako hauekin batera: UPV-EHUko irakaslea, Marta Macho-Stadler; NUPeko INARBE Institutuko irakaslea eta ikertzailea, María del Mar Rubio-Varas; eta NUPeko IS-FOOD-eko irakaslea eta ikerlaria, Idoia Labayen.

Era berean, Romerok musika-pieza bat eskaini du pianoarekin, eta, ondoren, Hegaz musika-taldeak jo du, Music 2017 Campuseko irabazleak. Horrez gain, sariak banatu aurretik, ikasleen ikasketa-amaierako lanen lehen lehiaketako posterrak aurkeztu dituzte, zientziarekin eta teknologiarekin lotutakoak. Zaragozako Unibertsitateko RISArchers taldeak umore-puntua jarri du zientziari buruzko bakarrizketa batzuekin.

Ekimenaren helburua da emakume zientzialari eta teknologoen lana ikusaraztea eta generoaren ikuspegitik emakumeek zientzian duten parte-hartzea aztertzea.

Jarduera Emakumea, Zientzia eta Teknologia Katedraren bitartez garatutako ekintzen barnean kokatzen da; hau da, Nafarroako Gobernuak eta NUPek aurtengo otsailean hainbat urtetarako sinaturiko hitzarmena.

Hitzarmenaren xedea da zientziaren eta teknologiaren eremu propioetan emakumeen parte-hartzea gehitzen laguntzea. Halaber, emakumeak STEM titulazioetan sartzea eta egotea sustatu nahi du (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak ingelesez).

Emakumeek eremu zientifikoetan duten paperari buruzko mahai-inguruak

Emakumeen, Zientziaren eta Teknologiaren Asteko programazioan bost mahai-inguru egin dira. Foro horietan, 20 emakume profesional baino gehiagok hartu dute parte, honako hauek bezalako arloetan duten esperientziaren eta ikuspegiaren berri emanaz: irakaskuntza eta ikerketa, ekintzailetza, ingeniaritza biomedikoa eta energia berriztagarriak.

Emakumea, Zientzia eta Teknologia Katedran garatutako bestelako jarduerak

Hitzarmenaren baitan, beste jarduera batzuk egin dira; esate baterako, antzezlanen emanaldiak. “Nik zientzialaria izan nahi dut” izenburuarekin, NUPeko ikerlariek historiako emakume zientzialariak ezagutzera eman zituzten, ikasle nesken artean bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzearren. Jarduera horretara 4.170 ikasle joan ziren, Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta DBHko 1. mailako artekoak.

Katedraren bitartez, baita ere, graduko ikasketa-amaierako eta Ingeniaritzako masterreko lan onenentzako sariak jarri dira abian, NUPeko emakumeek defendatuak aurtengo urtean zehar.

Halaber, adin goiztiarreko genero-estereotipoei buruzko jardunaldia egin da, irakasleei, hezitzaileei eta publikoari oro har zuzenduta, eta ingeniaritza agronomikoan bokazio zientifikoa sustatzeko jarduerak, eskolan zientzia ekologikoa eta ingurumen-arlokoa sartuta.

Iturria: navarra.es

Por IN4.0 |
Fecha publicación
| Categorías: | Etiquetas:

¡Comparte!

Facebook