Nafarroak Frantziari eskainiko dio azaroaren 13an Baluarten ospatuko den III. Nazioartekotze Eguna
Nafarroako Gobernuak antolatu du, eta helburua Nafarroako enpresei negozio-aukera berriak eskaintzea da
Frantziar enpresa eta erakundeek hartuko dute parte Nafarroako Gobernuak datorren azaroaren 13rako antolatu duen III. Nazioartekotze Egunean; ekimena europar herrialde bati eskaintzen zaion lehen aldia izango da. Jardunaldiaren helburua izango da Nafarroako enpresei negozio-aukera berriak eskaintzea Frantzian. http://blogpin.navarra.es/jornadas webgunearen bitartez egin daitezke parte hartzeko izen-emateak.
Izaskun Goñi Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta lanaren zuzendari nagusiak eman du ezagutzera gaur goizean Nafarroako Gobernuak lehen aldiz NNP (Nafarroako Nazioarteko Plana) Zirkulua osatzen duten erakundeekin lankidetzan antolatu duen jardunaldiaren egitaraua. Prentsaurrekoan, zuzendari nagusiarekin batera egon dira Isabel Peñaranda ICEX erakundearen lurralde Zuzendaria, Jose Manuel Olivar, Nafarroako Enpresarien Konfederazioko (CEN) kidea, Ana Ursua AIN elkarteko zuzendari nagusia, Enterprise Europe Network (EEN) erakundearen ordezkari gisa, eta Ana Cañada, Nazioarteko Merkataritzaren arduraduna Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Nafarroako Ganberan.
2018an, 1.552 milioi euroko esportazioak egin zituzten Frantziara Nafarroako enpresek, eta 2019ko lehenengo zazpi hilabeteetan, 1.025 milioi eurokoak dira dagoeneko salmentak, iazko denbora-tarte berean baino % 12 handiagoak. Gainera, 647 milioi eurokoak izan ziren inportazioak 2018an.
Izaskun Goñi zuzendari nagusiak aurreratu duen bezala, “zifra horiek Nafarroaren esportazioetarako merkatuen lehen postuan kokatzen dute aurten ere Frantzia”; horregatik, eta nabarmendu duen moduan, “jardunaldi hau antolatu nahi izan dugu, nazioartekotzearen alde lanean diharduten profesionalak eta erakundeak elkartzeko, eta Frantziak Nafarroako enpresentzako dituen negozio-aukerak ezagutzera emateko”.
Egitaraua
09:00etan hasiko da jardunaldia, Manu Ayerdi Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilariaren eskutik, eta hitzaldiak, mahai-inguruak, Business to Business (B2B) topaketak eta enpresa-panelak izango dira, zeintzuen bitartez kasu praktikoak ezagutzera emango diren. Hitzaldi-zikloaren barruan, Frantziako merkatua ondo ezagutzen duten profesionalek hartuko dute parte, hala nola Frantziako espainiar enbaxadako merkataritza-bulegoko buru Javier Burgosek, eta Espainiako Ganberaren Pariseko lehendakari Jose Michel Garciak. Gainera, Frantzian nazioarteko ibilbidea duten Nafarroako enpresek (Lizarte, Aguirre Agricola eta Goshua, besteak beste) beren esperientziak kontatuko dituzte, bai eta Nafarroako merkatuan esperientzia luzea duen E.Leclerc enpresak ere
Garrantzi berezia izango dute mahai-inguruek; hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola BIO eta GOURMET merkaturatzea Frantzian, azpi-kontratazioa eta negozio-aukerak Euroeskualdean. Mahai-inguru horietan Frantziako banatzaileek (Intermarche eta Interbio, besteak beste) eta azpi-kontratazioan adituak diren Gipuzkoako Merkataritza Ganberako profesionalek eta mugaz gaindiko eremuko negozioetan adituak diren Bihartean aholkularitzako eta Euroeskualdeko adituek hartuko dute parte.
1530ean hasiko da arratsaldeko saioa, I+G+b arloko lankidetza-aukerei eskainitako atalarekin; Oscar Gonzalez izango dugu saio horretan, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroko (CDTI) koordinatzaile nazionala. Ondoren, 16:00etan, Nafarroako eta Frantziako enpresen arteko topaketei ekingo zaie, nekazaritzako elikagaien bio eta gourmet sektoreei eta azpi-kontratazio industrialari eskainita egongo direnak. Topaketa horietan parte hartzeko interesa dutenek, jardunaldirako izen-ematea egiterakoan eskatu beharko dituzte Frantziako enpresekin hitzorduak.
Jardunaldian, bestalde, enpresa esportatzaile erregularren kategoria –lau urte jarraian esportatzen– eskuratu duten enpresak sarituko dira. Enpresa esportatzaile erregular kopurua handitzea da Nafarroako Nazioartekotze Planaren helburuetako bat.
Iturria: navarra.es